Albisteak

“KUTTUNA” BONU-TXARTELAK ESKURATZEKO EGITASMOAREKIN BAT EGIN DU UDALAK

“Kuttuna” bonu-txartel bakoitzak %20ko hobaria dauka, eta ekimenari esker 100.000 € helduko dira, gutxienez, herriko komertzio txikira

Magnet Kooperatibak Kuttuna.org elkartasunetik bultzatutako ekimena sortu du, une honetan bizi dugun konfinamendu-egoeran gure herriko merkataritza, ostalaritza eta profesional autonomoei laguntzeko xedearekin.

Kuttuna.org gure herrietako merkataritza eta zerbitzu txikietan erabiltzeko “Kuttuna” bonu-txartelak erosteko web plataforma da. Covid-19 birusaren ondorioz ezarritako alarma-egoera dela medio, denda eta zerbitzu ugarik euren ateak itxi behar izan dituztenean jaiotako ekimena da Kuttuna.org.

Denda eta zerbitzu hauetan erabiltzeko “Kuttuna” bonu-txartelak erosiz, herritarrak bonu-txartelaz baliatu ahal izango dira, produktu eta zerbitzuekin trukatuz. Bitartean, saltoki hauek diru-sarrera batzuk izan ditzakete konfinamendu-egoerak jarraitzen duen bitartean.

Erosleak herriko dendari, ostalari edo profesional kuttuna aurkitu ondoren, zenbat euroko “Kuttuna” bonu-txartela erosi nahi duen aukeratuko du. Dirua merkatariari bideratuko zaio zuzenean. Bonu txartela erositakoan PDF formatuko fitxategi bat deskargatuko du bezeroak Kuttuna.org aplikaziotik. Bonu-txartelak QR kodea izango du informazio guztiarekin: eroslea, data, zenbatekoa... Kode horrekin dendariak “Kuttuna” bonu-txartela identifikatuko du eta adierazten duen diru zenbatekoaren pareko erosketa egin ahal izango da. Bonu-txartelak 25 eta 200 € artekoak izango dira.

Ekimen honetan Oñatiko Udalak ere bere aletxoa jarri nahi izan du eta horretarako “Kuttuna” bonu-txartel bakoitzak %20ko hobaria edukiko du, horren kargu Udala bera egingo baita. Adibidez, erosleak 160 €an eskuratuko du 200 €ko balioa duen “Kuttuna” bonu-txartela; laguntza erosketa ezberdinetan banatu eta ahalik eta establezimendu gehiagora hel dadin, pertsonako 400 €ko muga ezarri du “Kuttuna” bonuak erosteko.

ELKARTASUNA ERAKUTS EZAZU, ANIMA ZAITEZ, ESKURA EZAZU ZURE “KUTTUNA” BONU-TXARTELA ETA, GEHIENBAT, ZAINDU ZAITEZ!

BAZKIDE EGIN ZAITEZ!

OHARRA: TXANDAko elkartekide ez bazara eta ekimenean parte hartu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan ondorengo helbide elektronikora idatziz: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.